Aurkeztu da Zumaia Flysch Trail, Espainiako Koparako puntuagarria
Uztailaren 22an jokatuko da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren laugarren edizioa. Zumaia eta Deba arteko itsaslabar ikusgarrietan diseinatutako 31,2 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan neurtuko dituzte indarrak korrikalariek. Aurten, Espainiako Koparako puntuagarria izango da.
Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketak laugarren urtea beteko du uztailaren 22ko lasterketarekin. 2009an estreinekoa korritu zenetik, urtez urte urrats sendoak egin ditu eta jadanik mendi lasterketetako egutegiak proba garrantzitsua bilakatu da. Euskadiko Kopako proba izan zen lehenik, Euskadiko Txapelketa iaz, eta aurten Espainiako Koparako aukeratu du Espainiako Federazioak, beste hiru probekin batera.Izendatze horri esker aurten goi mailako korrikalariak izango dira Zumaian. Espainiako selekzio autonomikoak izango dira bertan, sailkapen nagusirako lehian ari diren korrikalariekin batera.
Gaur eguerdian Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan egin den aurkezpenean Bosco Garitano antolatzaileen bozeramaleak iragarri du 2014an Europako Kopako proba bat antolatzea dela helburua: “Dagoeneko hasi gara lanean Gipuzkoako Aldundiarekin eta Zumaiako Udalarekin”.
Irteera eta helmuga, Eusebio Gurrutxaga plazan
Iaz ibilbidea gogortzeko egindako aldaketen ondoren, antolatzaileek aurten aldaketa txiki batzuk baino ez dituzte egin, herrigunean. Irteera eta helmuga Beheko plazan izango dira –Erribera kaletik pasata–, eta herri barruan egiten duten itzulian Arrukaletik ere pasako dira. Aldaketa horietan 700 metro gehiago izango ditu seniorren lasterketak. Gainontzean, mendian egin beharreko ibilbidea iazko berbera da. Sub23 eta juniorren lasterketak, berriz iaz baino ia hiru kilometro gehiago izango ditu.
Omenduak
Mendiari lotutako kirolariak omentzea da lasterketa honek urtero bete nahi izaten duen helburuetako bat. 2009an Patxi Usobiaga eskalatzaileak jaso zuen omenaldia; 2010ean Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Izagirreri egokitu zitzaien. Iaz, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileek, eta Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko presidente ohiak jasoko dute omenaldia.
2012rako, zerrenda horri oraindik ere distira handiagoa emango dioten hiru lagun aukeratu dituzte antolatzaileek: Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza, munduko mendizalerik onenetakoak. Munduko mendi garaienetan hamaika gailur lortu eta gero, iaz beste balentria bat lortu zuten: Antartika mutur batetik bestera zeharkatzea. Hirukotearekin batera, Antxon Bandres ere omenduko dute –iaz zendu zen–, mendizaletasunaren alde egindako lanagatik.
Dirua Aspanogirentzat
Aurreko urteetan bezala, bildutako dirua minbizia duten haurren gurasoen elkartearentzat izango da (Aspanogi)
Uztailaren 22ko egitaraua
8:30ean, Haurtzaindegia zabalduko da.
8:30ean, Mendi txangoa egiteko aukera Inda Mendirekin.
09:30ean, korrikalariak dortsalen arabera, irteerako gunea pasako dira.
09:45ean, omenaldia.
09:55ean, korrikalariak irteerako marran ipiniko dira.
10:00etan, irteera emango da.
13:00etan, Sub-23 modalitateko sari-banaketa.
13:30ean, Senior mailako sari-banaketa eta jarraian, beteranoen sari-banaketa.
IV Zumaia Flysch Trail
Noiz: uztailaren 22an
Ordua: 10:00etan
Lekua: Zumaia
Distantzia: 31,2 km (sub-23, 16,6km)
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest