Merillas eta Kortazar irabazle maratoian
Hiru ordu eta 29 minutu behar izan ditu Merillasek lasterketa nagusiko 42 kilometroak osatzeko, eta bigarren izan den Ismail Razgari lau minutu pasa atera dizkio helmugan. Emakumeen lasterketan aldeak are handiagoak izan dira. Oihana Kortazarrek ez du mailako aurkaririk izan, eta ia ordu erdiko aldea atera dio Paloma Grauri. 4:09:27ko marka egin du Kortazarrek. Maratoi erdian Raul Garcia Castan (1:37:57) eta Alizia Olazabal (1:55:33) izan dira irabazleak.
Goizeko 8:15ean Al filo de lo imposible-ko zuzendari Sebastian Alvarori omenaldia egin eta 8:30ean abiatu dira maratoiko 230 korrikalariak. Ostiraleko berorik ez, baina hezetasun ikaragarria zegoen goizeko lehen orduan, eta 42 kilometroak luzeegi ez gertatzeko indarrak ondo neurtu eta ahalik eta gehien edan eta jan beharra zegoen.
Lasterketak ohiko ibilbidea izan du Mendataraino baina, behin Astira iritsita, Andutzeko mendirantz abiatu dira korrikalariak. Tontorra lainopean zegoen lehen korrikalariak iristen hasi direnean. Manuel Merillas eta Ismail Razga izan dira Andutzeko gurutzetik igarotzen lehenak; Zaid Aid izan da hirugarren, eta atzerago zetozen Iban Letamendi, Alfredo Gil eta Imanol Larrañaga. Nesken artean, Oihana Kortazar oso aurretik zetorren ordurako.
Andutzetik jaitsi eta Salsamendiko igoera tentea eta oso teknikoa egin behar izan dute ondoren. Eskuekin lagunduta igo behar izan dute zenbat tartetan. Merillas eta Kortazar aurretik, eta aldeak aregotuz. Andutzeko magaletik berriro kostalderantz gerturatu dira korrikalariak, ohiko ibilbidearekin bat eginez. Talaimendiko aldapa izan da azken errematea gelditzen ziren indar apurrentzat.
Helmugan, Merillas eta Kortazar irabazle. Ismail Razga izan da bigarren gizonezkoen artean, eta Iban Letamendi oñatiarra izan da hirugarren. Emakumeen artean. Paloma Grauk eta Maria Zorroza gernikarrak osatu dute podiuma.
Raul Garcia azkarrena maratoi erdian
Raul Garcia Castanek badaki lehendik Flysch Trail irabaztea zer den. Aurten maratoi erdiko distantzia aukeratu du, eta ziztu bizian osatu ditu 21 kilometroak. Ion Sala iruindarra izan da bigarren, hiru minutura; eta Joxe Amunarriz hondarribiarra hirugarren. Emakumeen lasterketan, Alizia Olazabal (Irun), Andrea Garay (Gasteiz) eta Sara Peña (Orio) izan dira azkarrenak.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest