Ruben Ruzafa eta Juana Montaño azkarrenak Zumaia Flysch Trailean
Kaleak eta ibilbidea ikuslez beteta ospatu da gaur Zumaia Flysch Trail lasterketa. Eguraldia lagun, jendetza gerturatu da XIV. edizioa izan den kirol festaz gozatzeko asmoz. Ibilbide luzea, 23 kilometrokoa, 358 korrikalarik egin dute, horietatik 298 gizonezkoak eta 60 emakumeak izanik. Zumaiarrak, aldiz, 60 izan dira. 9.30ean abiatu dira 358 korrikalariak Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta 23 kilometroko ibilbidea egin dute giro bikainean.
Elorriaga, Mendata edota Talaimendi igaro ondoren, korrikalariak helmugara gerturatzen hasi dira eta Aizarnazabalen bizi den Ruben Ruzafa andaluziarra izan da lehenengoa helmugaratzen gizonezkoetan. Hain zuzen, ordubete, 42 minutu eta 10 segundu behar izan ditu helmugara iristeko. Txapeldunak adierazi duenez, “lehenbiziko aldia” zuen Flysch Trailean, eta “asko gustatu zait esperientzia eta lasterketa”.
Bigarren sailkatu da Beñat Bereziartu, proba ordubete, 46 minutu eta 39 segundutan amaitu ondoren. Hirugarrena izan da Igon Manzisidor zumaiarra, ordubete, 47 minutu eta 20 segunduko denboran.
Emakumezkoen kasuan, Juana Montaño izan da lehena helmugaratzen, bi ordu, 10 minutu eta 10 segundutan. Salamankako korrikalaria “oso gustura” agertu da garaipenarekin, eta “asko gozatu” duela adierazi du.
Bigarren sailkatu da Nerea Urteaga zumaiarra, 2:11:55ko denbora eginda. Podiuma osatzen hirugarrena Debako Leire Olazabal izan da, eta horretarako, bi ordu, 17 minutu eta 8 segundu behar izan ditu.
Zumaiarrei dagokionez, Jokin Guijarrok, Ion Larburuk eta Mikel Astarloak osatu dute podium absolutua. Emakumeetan, aldiz, Patricia Amundarain, Angela Peña eta Inmaculada Duran izan dira lehenak.
Sailkapen osoak hemen ikus daitezke.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest