Ibilbideak hobetuta datoz aurtengo Zumaia Flysch Trail lasterketan
Iaz bezala, aurtengo Zumaia Flysch Trail lasterketak bi ibilbide izango ditu: bata motza 13 kilometrotakoa, eta bestea, luzea, 23,6 kilometrokoa. Hala ere, bi ibilbideak hainbat aldaketa izango dituzte, korrikalarien baldintzak hobetzeko.
Bi aldaketa izango dituzte ibilbideek, “bi aldaketa nabarmen” izango direla azaldu du antolakuntzako kide den Karlos del Pilarrek. Aldaketa nagusiena, lasterketaren hasieran emango da: “Orain arte, Ardantza auzotik joan eta ezkerrera hartzen zen Periko gisa ezagutzen den aldapatik igotzeko. Hortik, hilerrira agertzen ziren korrikalariak, eta handik, asfalto zati luze baten ondoren, Santa Klarara iristen ziren zelaitik. Aurten, ordea, errepidea ahalik eta gehien ekiditeko asmoz, lasterketaren hasiera berdinetik Algorrira joango dira kirolariak, eta Ardantzako familien baimena jasota, Ardantzako zelaietatik igoko dira Santa Klarara”.
Modu honetan, Santa Klarara iritsiko dira korrikalariak, beste urteetan bezala, baina errepidea askoz gutxiago zapalduz. Aldaketa honek bi lasterketei eragingo die, baina lasterketa luzeak izango du beste aldaketa txiki bat: “Itzuleran, Arantza baserri inguruan, bidea zabaldu dute pinuditik barrena. Aldapa ederra sartzen da hor, eta itzulera hori egiteko aukera desberdina eta polita eskaintzen du”, adierazi du del Pilarrek.
Bi aldaketek, gainera, bi lasterketen arteko bereizmena areagotuko dute: “Biek hasiera berdina izango dute, baina lasterketa motza hasierako ibilbidetik itzuliko da, Elorrixan buelta eman ondoren. Luzekoak, aldiz, Algorrira jaisten den itsasertzeko bidetik egingo dute. Horrela, bi lasterketak banatuz”. Egindako aldaketak koherentziaz hartu dituztela esan du antolakuntzako kideak, eta lasterketak eta korrikalarien baldintzak hobetzeko izango direla espero dute: “Trail lasterketa baterako askoz egokiago iruditzen zaigu ibilbidearen aldaketa. Gainera, aurreko urteetan korrikalariei egindako galdeketan jaso izan ditugu iradokizunei erantzuna ematen diegu. Hoberako izango delakoan gaude, eta ea dena ondo joaten den!”.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest