Uztailaren 21ean jokatuko da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren bosgarren edizioa. Espainiako Kopako proba izango da, eta aurten bertan jokatuko da korrikalari gazteen Espainiako Txapelketa. Gainera, korrikalari herrikoiek distantzia erdiko (15,2km.) proba aukeratu ahal izango dute.Maiatzaren 14an zabalduko da 2013ko Zumaia Flysch Trail lasterketan izena emateko aukera (herrikrossa.com). Ibilbidean ez da aldaketarik, baina aurten korrikalari herrikoiek bi distantzien artean aukeratu ahal izango dute: ibilbide osoa (31,2km.) edo ibilbide motza (15,2km.). Motza orain arte gaztetxoentzat zegoen pentsatua, baina korrikalari heldu askorentzat 31,2 kilometro gehiegi izan daitekeelakoan, antolatzaileek erabaki dute aukera hori guztiei zabaltzea. Ibilbide motza Elorriaga auzoraino iristen da, han buelta ematen delarik.

Bestalde, aurten ere Espainiako Koparako proba puntuagarria izango Zumaiako lasterketa, eta autonomietako selekzioak etorriko dira lehiatzera. Gainera, gazte mailako Espainiako txapelketa jokatuko da.Datorren urterako Europa maila proba izatea da antolatzaileen helburua.

Omenaldia Pou anaiei

Mendizaletasunarekin lotutako kirolariak omentzea da lasterketaren bereizgarrietako bat. Aurten Iker eta Eneko Pou anaiak izango dira Zumaian, eskaladaren munduan egindako hainbat balentriaren protagonistak.

Urtero bezala, lasterketan bildutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da, minbizia duten haurrei laguntzeko.