Javier Crespok eta Leire Agirrezabalak irabazi dute 2013 Flysch Traila
Izen berriak gehitu dira Flysch Trail mendi lasterketaren palmaresera aurtengo edizioan. Gizonezkoetan Javier Crespo kantabriarra izan da azkarrena, eta emakumezkoetan Leire Agirrezabalak hartu du Oihana Kortazarrek lekukoa. Ibilbide motzean Ion Sola eta Maider Korta nagusitu dira.Ibilbidearen berezko gogortasunari beroa eta hezetasuna gehitu zaizkio gaur, korrikalarien lana are gehiago zailtzeko. Indarrak ondoen neurtzen jakitea inoiz baino garrantzitsuagoa izan da, azken txanpara bat baino gehiago lehertuta iritsi baita. Gizonezkoen artean, Javier Crespo kantabriarra izan da lasterketari neurria ondoen hartu diona eta horri esker aurkariak atzean uzteko indarra izan du azken kilometroetan. “Aurrealdean laukote bat joan gara ia lasterketa osoan. Erritmo bizian joan gara eta eraso bat baino gehiago izan da. Ni saiatu naiz borroka hori ekiditen, indarrak gordetzen. Azken txanpan, 23. kilometroan, aurrera jotzea erabaki dut. Ohartu naiz aurkariak nahikoa jota zeudela eta aise lortu dut ehun bat metroko tartea. Baina neu ere hasi naiz hanketako mina sentitzen eta erokeriarik ez egitea erabaki dut. Distantzia kontrolatzen joan naiz eta indarrak apur bat gordetzen, azkenera garaipena esprintean jokatu beharko bagenu ere konfiantza daukadalako nire buruarengan. Baina ez da beharrezkoa izan. Azkenean nik uste nuena baino tarte zabalagoa lortu dut”.
Korrikalari bizia da Crespo, azkarra, eta Zumaiako lasterketara oso ondo egokitu da. “Esan zidaten Zumaiako lasterketa oso azkarra zela, ez zela gogorregia, baina niri oso gogorra iruditu zait, hain zuzen ere, ia uneoro korrika joateko aukera ematen duelako, ez dago arnas hartzeko tarterik, gora eta behera etenik gabe”. Talaimendira lasterketa buruan iritsi da Crespo, eta gogoan dauzka hango irudiak. “Azken igoera ederra da, han bilduta zegoen jendetzaren animoekin eta oihuekin zoragarria da. Gogorra egiten da, baina nik gozatu egin du”.
Crespok 2:20:24ko denbora egin du helmugan. Bigarren postuan Toni Roldan balearra sailkatu du, 3:31ra; eta hirugarren Euskal Selekzioko Aritz Egea, 3:55era. Iazko irabazle Said Aid laugarren sailkatu da aurten. Iaz bezala, aurten ere ramadam garaian egokitu zaio lasterketa, baina alaitasuna ez du galdu helmugara lehertuta iritsi denean ere.
Leire Agirrezabala, gogoan izateko izena
Emakumeen artean izar berri baten lehen urratsak gozatzeko aukera izan dugu aurtengo Flysch Trailean. Leire Agirrezabalak esperientzia gutxi du oraindik mendiko lasterketetan –lauzpabost jokatu ditu–, baina dagoeneko erakutsi du puntako korrikalaria izateko gaia daukala. Ikusgarria da aldapan gora. Jaitsieretan oraindik asko du hobetzeko baina Euskal Selekzioan itxaropen handiak dauzkate jarrita beregan. 2:54:51ko denborarekin irabazi du, Euskal Selekzioko taldekide Aitziber Ibarbiaren (2:56:59) eta Eva Maria Moredaren (2:58:46) aurretik.
Zumaiarren artean, Mikel eta Pedro Etxeberria anaiak izan dira azkarrena. Biak elkarrekin sartu dira helmugan (2:45:01). Hirugarren postuan sailkatu da Alberto Gorritiberea (2:58:51). Emakumeen artean, Iratze Iruretagoienak egin du denborarik onena: 4:17:46. Lasterketa motzean, Ekaitz Eizagirre izan da azkarrena, bederatzigarren postuan (1:18:01), Iker Manzisidor (hamargarren, 1:19:15) eta Xabier Elizalderen (1:21:26) aurretik. Emakumeen artean, Sonia Albarez izan da lasterketa motzeko zumaiar onena (bigarren, 1:29:54), Vanessa Yeregi (1:32:14) eta Ane Eizagirreren aurretik (1:41:13).
Omenaldia Pou anaiei
Lasterketa hasi aurretik omenaldia egin zaie Iker eta Eneko Pou anaiei, eskaladan osatzen ari diren ibilbide bikainagatik. Lasterketa bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dute eta gustatu zaie ibilbidea, baina beraien planen artea ez da sartzen mendiko lasterketetan parte hartzea –Alex Txikonek lasterketa korritu zuen omenaldia jaso zuen urtean–: “Gu korrika asko ibiltzen gara, baina entrenamendu modura. Lasterketetan parte hartzeak ez digu gehiegi erakartzen. Guk nahiago dugu mendia gure kasa ibili”. Irailean Himalaiara joatekoak ziren eskalatzera, baina bidaia ziurrenik bertan behera utziko dute, Eneko min hartuta dabil eta.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest