Emakumeen parte-hartzea sustatzeko ekimena jarri du martxan Flysch Trailek
Genero berdintasuna bultzatzeko ahalegin berezia egingo du aurten Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak. Emakumeei zuzenduriko entrenamenduak antolatu ditu, eta parte hartzen dutenek dortsala izango dute ziurtatuta lasterketarako.
Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa duela hamar urte lehen aldiz korritu zenetik nabarmen egin du gora emakumeen parte hartzeak baina, antolatzaileen iritziz, oraindik ez da nahikoa. “2009an %9a ziren emakumeak, eta iaz %29a izan ziren. Aurrerapauso handiak egin dira, baina gure alea jarri nahi dugu emakumeei kirola egiten lagundu eta kopuru horiek hobetzeko”, azaldu du Flysch Trail elkarteko kide Bosco Garitanok. Horretarako, ekimen berritzaile bat jarri dute martxan, Zumaia Trail Running (ZTR) taldearekin elkarlanean. Emakumeei zuzenduriko sei entrenamendu saio antolatu dituzte, otsailean hasita. Entrenamenduak doan dira, irekiak, eta helburua da emakumeei prestaketarekin laguntzea.
ZTR taldeko korrikalari Oscar Solas eta Ruben Celada arduratuko dira entrenamendu saioak gidatzeaz. Talde bat antolatuko dute maratoi erdirako eta bestea maratoirako. “Inor ez dadila mailagatik kezkatu. Badakigu maila ezberdineko jendea etorriko dela, eta erritmoak egokitu egingo ditugu bakoitzaren gaitasunaren arabera. Batzuk aurrerago joango dira, beste batzuk atzerago, baina inor ez da bakarrik geldituko”, dio Solasek. Entrenamenduetarako Zumaia inguruko hainbat ibilbide prestatu dituzte. “Askotan jendeak pare bat ibilbide baino ez ditu ezagutzen eta pena da, Zumaian, ordubeteko saioak egiteko, ibilbide aukera handia daukagulako”, azaldu du Celadak. Gainera, entrenamendutik entrenamendura prestaketarekin segitzeko eta elikadura zaintzeko aholkuak emango dituzte.
Otsailaren 3an eta 17an, martxoaren 10ean eta apirilaren 7an izango da lehen lau entrenamendu saioak –maiatzaren 12an eta ekainaren 2an egingo dira azken biak–. Lehen lau saio horietako hirutan parte hartzen duten emakumeek saria izango dute: aurtengo Flysch Trailean dortsala ziurtatuta izango dute. “Gure helburua da aurten korrikalarien %35 emakumeak izatea. Hori lortzeko denon bultzada behar da eta guk pentsatu dugu merezi duela antolaketa taldetik halako erabakia hartzea. ZTRri esker, entrenamendu egokiak egiten lagunduko diegu eta horrek saria izango du”, azaldu du Garitanok. “Bestela, ez badugu ezer egiten, izen-ematea zabaltzean normalena da gizonezko gehiagok lortzea dortsala, gehiago direlako, eta dortsalak segituan agortzen direlako. Gizartean dagoen desoreka horren aurrean hartutako erabakia da”.
Entrenamenduetan parte hartzeko ez dago aldez aurretik izena eman beharrik. Nahikoa da otsailaren 3an lehen entrenamendu saiora agertzea, Zumaiako kiroldegira, 8:00etan.
Elkartasun proiektua
Ez da horretara mugatzen aurten lasterketan genero berdintasunari eskaini nahi dion tartea. “Berdintasuna, lehentasuna” izango da lasterketaren leloa, eta beste zenbait ekimen jarri dituzte martxan. Pakistango Sarabastal proiektuarekin elkarlana hasi du Flysch Trailak, hango neskei ikasketekin laguntzeko. Karakorum inguruan bizi diren neskei laguntzeko ekimena dute Juanjo San Sebastianek eta Sebastian Alvarok, batik bat osasun eta heziketa arloetan. Proiektu honi esker, 500 beka inguru bideratzen dira, neskek bospasei urteko ikasketak egin eta handik unibertsitatera joan daitezen. Horietako sei beka hartuko ditu bere gain Flysch Trailek. Sei beka horiek Flysch Trailen parte hartuko duten emakumeen artean zozkatuko dira, aurrerantzean beraiek izango direlarik neska horien amabitxiak. Bekaren gastu guztiak lasterketan hartuko ditu bere gain, eta amabitxiek neska horiekin hartu-emana izateko aukera izango dute, haien errealitatea ezagutzeko.
Gainera, Sarabastal ekimeneko hiru neska etorriko dira Zumaiara ekainean, hango bizimoduaren eta ekimenaren berri ematera. Bi aste egingo dituzte Zumaian, eta eskoletan hitzaldiak emateaz gain, Sebastian Alvarorekin grabatutako bideo bat ere aurkeztuko dute ekainaren 21ean. Izan ere, hiru neska hauek eskaladako proiektu batean murgildu dira, iaz 6.000 metroko mendi bat igo zuten, aurten 7.000koa igotzea dute helburu eta 2020an 8.000 milakoa.
Martxa nordikoa
Ez dira hor amaitzen aurtengo berrikuntzak. Martxa nordikoko proba bat ere antolatuko dute, mendiko lasterketaren bezperan. “Larunbat goizean egingo dugu, ekainaren 22an, eta 10-12 kilometroko ibilbidea izango du, herrian bertan, ordekan izan dadin”, azaldu du Bosco Garitanok. Gero eta jende gehiagok praktikatzen du martxa nordikoa, besteak beste, osasunarentzat dauzkak onurengatik. Eta alde horri ere heldu nahi izan diote antolatzaileek. Flysch Trailaren aste horretan, ekainaren 19an, hitzaldia emango du gaian aditu den Cristina Gonzalez Castro onkologoak. Martxa nordikoak dauzkan onurak aipatuko ditu, bereziki emakumeei begira.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest