Igandean jokatuko da hamalaugarren Zumaia Flysch Traila, eta, beraz, hasi da atzera kontaketa. Xehetasun guztiak azaltzeko gaur egin dute lasterketaren aurkezpena. Zumaiako Udalak antolatu du lehenbizikoz kirol proba eta Unai Manterola Kirol zinegotziaren adierazi duenez, oinarri berriak ezarri dizkiote lasterketari: “Herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten, ibilbide motzeko lasterketa gehituta, kirola sustatzea; korrikalaria lasterketako protagonista izanik, parte hartzea eskertu eta zaintzea; ingurumena zaindu eta zaintzen erakustea, eta, azkenik, herriko ekoizle eta merkatariei ikusgarritasuna eman eta bertan kontsumitzera bultzatzea”.

Bi ibilbide prestatu dira iganderako: motza, 14 kilometrokoa; eta luzea, 23 kilometrokoa, eta biek izango dituzte berrikuntzak. Lasterketak prestatzeko entrenamendu saioak antolatu dituzte, bost guztira, eta Maite Egaña arduradunaren esanetan, “saio horietan bataz beste 40 pertsona elkartu dira, eta balorazio baikorra egin dugu. Aurten, % 25ekoa izango da emakumezkoen parte hartzea lasterketetan –% 18koa izan zen iaz–“.

Hala, igandeko bi probetan 650 korrikalarik hartuko dute parte, eta dena ondo atera dadin, 230 boluntario arituko dira lanean. Horien guztien esfortzua eta lana saritzeko, festa izango da Odieta pilotalekuan, 12:30etik 15:30era.