Eskerrik asko eta datorren urtera arte!
Urriaren 8ko XIV. Zumaia Flysch Trail lasterketa igarota, aurtengo probaren inguruko balorazioa egiteko bilera irekia egin genuen joan den astean. Aurtengo edizioa “arrakastatsutzat” jo zuten bileran parte hartu zutenek, zuzendu beharreko zenbait kontu badauden arren. Horretarako, eragileen balorazio zuzena jasotzeari ekin diote antolatzaileak: “Bileraren ostean garbi gelditu da lasterketaren filosofia berriarekin bat egin dutela eragileek, eta bide hori dela egokia. Beraz, horri eustea da gure erronka”, gaineratu dute.
Horrelako proba bat antolatzerakoan laguntza guztia da ongietorria, eta Zumaiako Udalak eskerrik beroenak eman nahi dizkie norbanako, eragile eta enpresa guztiei: “Eskerrak eman berriz ere Udalaren izenean horrelako kirol proba izugarria egiteko ezinbesteko laguntza eman duzuen guztioi. XV. edizioa prestatzen hasteko moduan gara orain, eta aurten bezala, ilusio eta gogo guztiarekin egingo dugu, lasterketaren lau oinarrien gainean: kirola sustatu, kirolaria jarri erdigunean, ingurumena zaindu eta babestu, eta herriko ekoizleen eta merkatarien lana ezagutarazi eta sustatu”.
Herrigintza eta auzolan ariketa zoragarria egiten jarraitzeko konpromisoa hartu dute antolatzaileek, herriaren mesedetan.
Eskerrik asko eta datorren urtera arte!
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest